LOUD AND LONE

LOUDLONE

LOUD & LONE
Reggae ona egiteko azal iluna eta txurroak behar direla diozu? Oker zaude, lagun. Bihotzeko taupadek erakutsiko dizute bidea.

Reggae musika barruan daramaten Borja eta Rober-en ametsa egi bihurtuta; hori da Loud & Lone. Europa kontinentalean dagoen reggae talde onenetakoa da zalantzarik gabe. Bilbo eta Santander artean asfalto zaharra baino zerbait gehiago dagoenaren erakusle.

E!: Loud & Lone izenaren atzean Borja eta zu zaudete hasieratik nahiz eta izen desberdinak erabili izan dituzue. Nola hasi zen dena?

Rober: Hamasei urte izango genituen musika egiten hasi ginenean. Lagun taldea elkartu eta reggae musika entzuten genuenez, musika hori egitea erabaki genuen. Hori, gutxi gora behera, 1994ean izan zen. Horrela sortu genuen Lone Watti taldea eta izen honekin bi maketa kaleratu genituen. Denborarekin Borja eta biok serio hartzea erabaki genuen eta Better Collie sortu genuen, oraingo honetan, dub musikan oinarrituta. Grabazio estudio propioa osatu genuen eta lehen ekoizpenak egin genituen. 

 

E!: Borja eta zu zarete taldeko arima baina musikari desberdinen laguntza izan duzue, horietako asko Euskal Herrikoak. Horien artean Iñaki Yarritu, Basque Dub Foundation-eko buru eta reggae zaletuen artean ezinbesteko erreferente dena.

R: Egia esan, aspaldi dugu oso harreman ona Euskal Herriko musikariekin, Bilboko jendearekin bereziki. Aurreko proiektuetan beti izan dugu jende euskalduna gure artean, eta orain, Loud & Lone izeneko honetan, Borja eta ni ezik, beste guztiak bertakoak dira. Hasiera batean Ambasadors izenekoekin, gero Akatz Reggae Band izango zirenekin, eta bertako jendea da orain gurekin dagoena. Iñaki Yarriturekin harremana beranduagokoa da, Massive izeneko kontzertu promotoraren bidez ezagutu dugu elkar.

E!: Iñakik duen esperientzia ezagututa, laguntza handia izango zen zuentzat, ezta? 

R: Bai, asko lagundu digu gure grabaketetan. Oso harreman estua sortu da. Orain, adibidez, Iñakik bere bigarren diska aterako du eta bertan gu izan gara kolaboratzaile. Diskak "BDF meets Loud & Lone" izena edukiko du eta udaberrian kaleratzeko asmoa dago. Ingaleterrako reggae musikarien parte hartzea izan du.

E!: Bagenekien diska berria prestatzen ari zela baina primizia da hau guretzat. Zer eragina izango du horrek BDF-ren soinuan?

R: Diska erdia gure estudioan grabatu da eta rockers garaiko reggae soinura bueltatu da. Abestutako kantuak eta bertsioak. Soinu analogikoa sartu diogu eta, beraz, jendeak aldaketa nabarituko du. Gainontzeko kantuak Conscious Sound disketxean, Londresen grabatu dira.

E!: Reggae barruko estilo desberdinetaz ari garela, zer esango zenioke reggae guztia berdina dela uste duen jendeari?

R: Neurri batean normala iruditzen zait jende askori hori iruditzea. Oso zaila da reggae musikari buruzko ikerketa serioa egitea, eta gure eskuetara iristen den gehiena musika honen aurpegi komertzialena da. Jende horri reggae musikan murgiltzeko gonbitea egingo nioke. 

E!: Azaldu iezaiguzu nola lortu duzue soinu hori. Zein da sekretua? Jamaikako produktore baten laguntza izan duzue eta ez duzue bere izenik aipatu diskan?

R: (Irrifar batekin) Ez, ez, ez. Ez dugu jamaikar produktorerik izan. Batetik, milaka diska entzun ditugu, eta bestetik, gaur egun dauden teknologi goreneko aparailu konplexu horiek alde batera utzi eta 70. hamarkadan zituzten tresnak erabili ditugu. Lee Perry produktoreak bere Black Ark estudioetan oso aparilu sinpleak zituen, lau pistako mahaia eta mikrofono batzuk eta oso soinu pertsonala lortu zuen. Guk, teknikoki, modu analogikoan grabatzen dugu. Ez dago besterik. Eboluzioa izan da, denborarekin asko ikertu eta ikasten aritu gara.

E!: Lee Perry aipatzen zenuen lehen, eta gaur egun oso produktore apreziatua da, ez bakarrik reggae zaletuen artean, baita orohar musika elektronikoa egin eta entzuten duen jendearen artean ere. Asko hitzegiten da DUB musikaz, baina iruditzen zaigu askotan jendeak ez duela hitz horren esanahia gehiegi ezagutzen. Esplikatuko diguzu, labur bada ere, zer den Dub musika?

R: Dub musika soinu teknikari batek egindako akats baten ondorioz sortu zen. Nahasketa egiterakoan ahotsaren kanalea itxita utzi eta kantuaren bertsio instrumentala sortu zen. Hortik aurrera asko eboluzionatu du. Dub musika zer den ulertzeko jamaikan produktoreak izan duen garrantzia ezagutu behar da. Jamaikan produktoreak soinu propioa ematen dio musikari. Singelak kaleratzerakoan, A aldea alde bokala da eta B aldea dub bertsioa izaten da. Bertsio honetan produktoreak edo teknikariak kantua bere gustora moldatzen du, ahotsak desagertu edota efektoekin sartzen dira, moztutak, eta garrantzia ematen zaio bateria eta baxuari, drum&bass delakoari.

E!: Dituzuen influentziei dagokionez, argi dago, batetik, Augustus Pabloren soinua baseetan, Abyssinians, Earth & Stone, Gladiators...eta antzekoak ahotsen tratamenduan, eta ingaleterran egindako reggaearen eragina erritmo aldaketetan. Oso oker gaude?

R: Ez, horrela da. Batetik ahotsetan Abyssinians taldearen harmoniek eskema guztiak apurtzen dituzte. Augustus Pabloren produkzioak ere gure erreferentzi nagusia dira eta baita ere Steel Pulse, Aswad-en lehen diskak, Cimarons, Regulars eta Matumbi bezalako taldeak dira gure inspirazio haundiena. 

E!: Eta zuzeneko emanaldietan nola moldatzen zarete?

R: Zuzeneko banda bertako musikariez osatuta dago, gehien bat. Iñaki Yarritu teklatuetan, base erritmikoa Akatz taldearena da, perkusio eta MC lanetan Rober "Ambasah" dago eta ahotsetan, harmoniak eginez, Kantabriako talde berri bateko, Super Ape taldeko, jendea dago. Azken hauek gainera diska kaleratuko dute, aurki.

E!: Eta labur bada ere, nola ikusten duzu gaur egungo reggae-a nazioarte mailan?

R: Osasuntsu ikusten dut. Roots reggae garaiko izpiritua berreskuratu da, bai musika mailan eta baita mezuei dagokionez ere. Gaur egungo aparailuak erabilita oso produkzio onak egiten ari dira. Estatu mailan, berriz, asko dago egiteko eta asko ikertzeko.

Asko dago ikertzeko eta reggae asko entzuteko, zorionez. Loud & Lonekoen proiektuen artean aurrera begira estatuko hainbat reggae taldeekin materiala grabatzeko asmoa dago eta hauentzako produkzioak egitearena...